euskaraespañol

pil-pilean

Grabitazio-uhinei buruzko hitzaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2016/02/29 Noiz arte: 2016/02/26, 19:00 - 10:05

Irudia

Deskribapena

Astelehenean, otsailaren 29an, 19:00etan, Donostiako Kutxa Andia Aretoan, grabitazio-uhinen detekzioan parte hartu duten bi zientzialarik hiritar guztiei zuzendutako hitzaldi publikoa eskainiko dute. Grabitazio-Uhinen Laser Interferometria bidezko Behatokian (LIGO) gauzatu den eta mundu mailan ikusmin handia sortu duen mugarri zientifiko berriaz arituko dira.

Alicia Sintes eta Sascha Husa fisikariak, Illes Balears Unibertsitateko (UIB) Erlatibitate eta Grabitazio taldeko kideak dira, hain zuzen ere, LIGO Kolaborazio Zientifikoan parte hartu duen ikerlari talde espainiar bakarra. Donostia International Physics Center-ek (DIPC) gonbidatuta, 3.000 km-ra bereizita dauden bi detektagailu ultra-zehatzek osatutako Advanced LIGO behatokian (Estatu Batuetan), lehen aurkikuntza handi hau nola gauzatu den azalduko digute.

Duela bi aste exkax, lehenengoz grabitazio-uhinak hauteman zirela iragarri zen mundu mailan. Grabitazio-uhinak espazio-denboraren deformazioak dira eta Lurrera bidaiatzen dute unibertso urruneko gertakizun katastrofikoen berri emanez. 1915ean, Erlatibitate Orokorraren Teorian Albert Einsteinek iragarri zuen grabitazio-uhinen existentzia, baina ehun urte itxoin behar izan dugu zuzen zebilela frogatzeko. LIGOn gauzatu den esperimentu honek, Einsteinen iragarpena berresteaz gain, leiho berri bat ireki du unibertsoaren ezagueran. 

Hitzaldia, DIPCk Kutxa Gizarte Ekintzaren laguntzarekin bultzaturiko 'Kutxa Lectures' hitzaldi saioen baitan antolatu da.

Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta sarrera librea eta doakoa da aretoaren edukiera bete arte.

Hizlariak

Alicia Magdalena Sintes Olives, UIB-ko irakaslea da Fisika Teoriko sailean. Sintes LIGO kolaborazio zientifikoko ikerlari nagusia da UIB-n, LIGO-ko kontseiluko eta GEO-ko batzorde betearazleko kidea. Bere ikerketa grabitazio-uhinen astronomiaren esparruan lerratzen da. Sintes aditua da interferometro bidezko detektagailuetan eta neutroi izarren eta zulo beltz binarioen bilaketa eta azterketan. Hainbat ikerketaren buru izan da LIGO, GEO eta LISA kolaborazioen baitan. "LIGO Scientific Collaboration Algorithm Library Suite" software-aren garapenean eta Einstein@home konputazio banatu proiektuan parte hartu du.

Sascha Husa UIB-ko irakaslea eta LIGO-ko kontseiluko kidea da. Bere ikerketa zulo beltzak bezalako grabitazio-uhin iturrien modelizazioan lerratzen da errendimendu handiko konputazioa erabiliz. Usak garatu, abiarazi eta probatutako zulo beltz binarioen uhin modeloak, egunerokotasunean erabiltzen dira kolaborazioaren baitan LIGO-ko datuen analisian. 

 

Argazkia: LIGO@UIB